Teklatua erabiltzen aspertuta? Hitz egin telefonoari eta Mitzulik esaten duzuna itzuliko du!
Kartel bat, menu bat edo egunkari bat itzuli nahi? Atera argazki bat eta Mitzulik egingo du gainerakoa!
Ez dakizu nola ahoskatu erdarazko testu hori? Lasai, Mitzulik hitz egingo du zure ordez!
Hizkuntza guztiek mundu honetan euren lekua merezi dutela sinesten dugu, eta baliabide gutxien dituztenetan jarri dugu arreta horregatik, izaera komertzialeko produktuek albo batera utzi ohi dituzte eta. Horrela, Mitzulik afrikaansa, aragoiera, asturiera, daniera, errumaniera, esperantoa, euskara, frantsesa, galiziera, gaztelania, hindia, indonesiera, ingelesa, italiera, katalana, kroaziera, malaysiera, nederlandera, okzitaniera, portugesa, suediera eta urduarekin egiten du lan, eta gehiago ere bidean dira!
Badakigu itzulpen automatikoa oso ondo etortzen dela atzerrian zaudenean. Roaming tarifak, ordea, ez. Zorionez, hori ez da arazo bat Mitzulirentzat, Interneterako konexiorik gabe ere lan egiteko gai da eta. Beste itzultzaile batzuek ez bezala, gainera, bere offlineko moduak onlineko moduaren kalitate berbera eskaintzen du, eta kamera bidezko sarrera bezalako ezaugarri aurreratuak ere eskuragarri daude.
Doakoa izateaz gain, Mitzuli software librea ere bada. Garatzaileentzat, Mitzuliren tripak edonoren eskura daudela esan nahi du horrek, nork bere beharretara egokitu, hobekuntzak egin eta aldaketa horiek guztiak modu askean partekatzeko aukera ematen duena. Zuretzat, gutaz fida zaitezkeela esan nahi du horrek: egiten dugunaren inguruan erabat irekiak gara, eta ez dugu sekula zure pribatutasuna urratuko, ez eta zure datuekin negozioa egingo ere.